martes, 22 de julio de 2008

Presoen aurka jotzeko gobernuak, epaitegiek eta komunikabideek duten inpunitate extremoa salatu dute. Salbuespeneko neurri horien ondorioz oso larritz

Euskal preso politikoen aurkako intoxikazio kanpaina eta salbuespen neurriak salatu dituzte

Larunbat goizez AAM-k Donostian buruturiko prentsaurrekoan preso politikoen aurkako salbuespeneko neurriak hartzeko, gobernu eta epaileek duten inpunitate extremoa salatu dute.

Bereziki azpimarratu dute irizpide errepresioboen menpe lan egiten duten kazetari eta komunikabideek guzti horretan jokatzen duten papera, edozer egin eta esaten dutelako, gezurra eta manipulazioaren bidez justifikaezina justifikatzeko.

Prentsaurrekoan intoxikazioa kanpaina mediatiko basatia jasaten ari diren senitartekoak, eta espetxe politikaren krudelkeria gertutik ezagutzen duten preso ohiak, senitartekoak eta abokatuak egon dira, besteak beste

AAM-k Donostian egin duen irakurketa:

Badirudi Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen aurkako eraso eta eskubide zanpaketa larriek ez dutela mugarik. Espainiar eta frantziar gobernuetako arduradunek, inpunitate osoz, demokrazia batean pentsaezinak diren salbuespeneko neurriak hartzen dihardute urte luze hauetan, presoei xantaia politikoa egiteko helburu garbiarekin. Horretarako muturreko baldintzetan biziarazten dituzte. Presoak makurrarazteko, beraien aurkako neurri ankerrenak hartzen dituzte.

Krudelkeria eta mendeku gosean oinarrituriko eraso eta eskubide zanpaketen ondorioz, espetxeetan bizi den egoera oso larria da. Larritasun horretaz konturatzeko, hurrengo adierazleei erreparatu besterik ez dago: 28 preso politikori beraien kondena luzatu diete oinarri juridikorik gabeko neurriekin, presoen kaleratzea ekiditeko. Horietatik 23 bahituta dituzte. 14 preso dira gaixotasun larriekin espetxean, dagokien askatasuna ukatuta. Espetxe politikaren arduradunek badakite espetxean mantenduta preso horien heriotza gertatzeko arrisku handia dagoela, eta hor mantentzen dituzte. 150 presotik gora kalean egon behar lirateke kondenaren 2/3ak edo 3/4ak beteta. Salbuespeneko neurri basati hauen jomugan ia 750 kide dituen preso politikoen kolektibo osoa dago. Muturreko bizi baldintzetan mantentzen dituzte kolektiboaren zatiketa eta bere kideen sutsipena eta heriotzaren bila. Euskal herritik urrunduta dituzte, 17 senitarteko eta lagun hil dituen dispertsio politikaren bidez. 28 urteko espetxealdia darama "Gatzak", Europa osoan denbora gehien espetxean daraman preso politikoa delarik. Non ezagutu da horrelakorik? Demokratikoa den zein estatutan ikusi da hemen bezalako mendeku politika faxistarik?

Guzti hori gutxi balitz, azken asteotan espainiar komunikabideen eskutik preso politikoen eta beraien senitartekoen aurkako intoxikazio kanpaina mediatikoa eta jazarpen basatia ezagutzen ari gara. Preso politikoak espetxean suntsitu eta makurraraztea lortu ez eta espetxetik ateratzen direnerako mendeku neurriak prestatzen dituzte horrela. Iñaki de Juana preso Donostiarrarekin eta bere senitartekoekin egiten ari direna da horren adierazle garbi bat. 17 urteko espetxe zigorra bete ostean, kalera atera ez zedin, oinarri juridikorik gabeko kausa berriak zabaldu zizkioten, bi iritzi artikuluren aitzakia harturik. Hiru urte gehiago bete ostean, Iñaki eta bere familia zigortzen jarraitzeko ahalegin guztiak egiten ari da inpunitate kezkagarriz. Espainiar gobernua, komunikabideak, epaitegiak... edozer egin dezakezuela uste duzue!

Azkoitiako Kandido Aspiazu preso ohiarekin egiten dutena ere, kanpaina honen beste kapitulu bat da. Entzutegi nazionalak bere ondasunak lapurtu dizkio, ezarri zioten zigorra osorik bete eta gero. Ondo prestatutako estrategia da: Irizpide errepresiboen zerbitzura lan egiten duten komunikabideetako kazetari intoxikatzaileek alarma soziala pizten dute gezurra eta manipulazioaren bidez, pertsonen datu pribatu eta intimoak publikatuz, horiei dianak ezarriz; ondoren, politikari eta epaileek egingo dituzten eskubide urraketak justifikatzeko. Modu honetara preso politikoen aurkako mendekua eta zigorra modu krudelenean nahi beste luzatzen dute, beraiek suntsitzeko helburu garbiz.

Bizi osorako espetxe zigorra ezartzen dutenean ez dira preso politikoak espetxetik kaleratzea oztopatuko duten neurrietara mugatzen. Behin kalera ateratzen direnean, pertsona hauek nahi beste zigortzeko aukera legeztatzeko saiakera egiten ari dira.

Gogor salatu nahi dugu espainiar estatuko komunikabideek, epaitegiek eta gobernuak berak euskal preso politikoen aurka jarduteko duten inpunitate extremoa. Egoera hau onartezina da. PSOE-ren gobernua da salbuespen egoera larri honen erantzulea, komunikabideen ezinbesteko kolaborazioarekin. Hori aurrera eramateko, ikusten ari gara gainontzeko indar estatalistek eta euskal herriko indar erregionalista gehienek erakusten duten konplizitatea.

Salbuespen egoera onartezin honen aurrean aski da! esaten dugu behin eta berriro. Dei bat luzatzen diegu euskal herritarrei egoera honen aurrean antolatzen eta mobilizatzen jarraitu daitezen. Presoen eskubideak errespetatuak izan arte lanean jarraitu behar dugu. Norabide honetan, dei berezia egin nahi dugu hurrengo egun eta asteetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Egoera larri hau salatzeaz gain, euskal preso politikoak eta beraien senitartekoak babestu eta beraiekiko elkartasuna adierazten jarraitzearen garrantzia ere aipatu nahi dugu. Zuekin gaude!

Amaitzeko PSOEko gobernuari hurrengo eskaerak bete ditzan exigitzen diogu:

Euskal preso politikoen eta senitartekoen aurkako salbuespen neurriak orain bertan alde batera utzi ditzala.
Gaixotasun larriak dituzten presoak eta kondena betea dutenak kaleratu ditzala. EPPK-k plazaratutako eskabide taulan jasotzen diren eskubide guztien jabe, euskal presoak euskal herriratu ditzala.

Euskal herriko alderdi politiko, erakunde eta eragileei aldarrikapenok bere egin eta horien aldeko konpromiso aktibo eta praktikoal hartzeko deia luzatzen diegu.

Donostian, 2008ko Uztailaren 19an

No hay comentarios: