martes, 22 de julio de 2008

Gatza: 28 urte eta gehiago!

Aurten, 28 urte beteko dira Joxe Mari Sagardui "Gatza" espetxeratu zutenetik. Boterearentzat Gatza-rena gazte belaunaldiak beldurtzeko adibidea da, baina gazteontzat Gatza borroka eta duintasun adibidea da. Boterearentzat kolektiboaren aurkako neurriak borroka egitera ausartu daitekeen edonorentzat “abisuak” dira, baina gazte belaunaldiontzat erresistentzia militantearen eta borrokaren adibide dira presoak. Horregatik, Larunbat honetan arratsaldeko 18:00tan Zornotzako Udaletxeko plazan egingo den ekitaldian parte hartzera deitu nahi dugu euskal gazteria.
Testua osorik:
Boterearen agintea zalantzan dagoenean, inposaturiko egoera kili-kolo jartzen duena anikilatzea agintearen ezinbesteko betebeharra da. Bere existentzia bera zalantzan jartzen duelako. Noizbait, orain gugan agintea duten estatuak osatu zituztenean erabaki zuten Euskal Herria euren joko-zelai izan behar zela halabeharrez; eta horretan jarraitzen dugu.
Herri honen gertuko historian Espainiar estatuaren erreforma handiena 70. hamarkada amaierako trantsizioan jazo zen. Amnistia modukoak eskaini zituzten, estatutuak, folklorea legezko egin zen, euren menpeko herriei zenbait kontu utzi zizkieten (isilik egon zintezen, batez ere) eta dena konponduko zela espero zuten; ordura arte oihuka eta borrokan zirenak isilduko zirela eta Jaungoikoaren izenean “bake santua” nagusituko zela, baita “en las vascongadas” ere.
Milaka euskal herritarrek borrokari eutsi bazioten ere euren bake beltza errealitate bilakatu zuten. Momentu historiko horretan espetxeratu zuten Joxe Mari Sagardui, Gatza. 28 urte eta gero Europan ez da bera bezain beste denbora espetxean egondako inor; denbora guzti honetan Argel, Lizarra-Garazi eta Loiola igaro dira; Euskal Herria lau haizetara zabaldu eta eraiki dugu; eremuz eremu borroka luze, duin eta emankorrak gauzatu ditugu eta Euskal Herria aldaketara ekarri dugu berriz.
28 urte hauetan gerra zikina, tortura, espetxea, beldurra eta mehatxua erabili dituzte militante iraultzaileen aurka. Borrokaren duintasunaren abangoardia den preso politikoen kolektiboaren aurka trantsizio garai hartan imajinatu ere ezin zitezkeen tresna makurrak erabili dituzte; handik eta hemendik euskal mugimendu iraultzailea zartatzen saiatu dira; gaur da eguna preso politikoen kolektiboaren aurka neurri guztiak gogortzen ari direna, ez dira aski urte hauetan hil dituzten 22 preso politikoak eta hauen 17 senideak; 14 preso politiko gaixotasun larriekin euren ziegetan izatea edo bizi osoko espetxe zigorrak ezartzea. Ez dira aski, noski ez direla aski! 28 urte hauek eta gero denon borrokaz Euskal Herria, berriz, aldaketara ekartzea lortu baitugu.
Boterearentzat Gatza-rena gazte belaunaldiak beldurtzeko adibidea da, baina gazteontzat Gatza borroka eta duintasun adibidea da. Boterearentzat kolektiboaren aurkako neurriak borroka egitera ausartu daitekeen edonorentzat “abisuak” dira, baina gazte belaunaldiontzat erresistentzia militantearen eta borrokaren adibide dira presoak.
Egungo gazte independentistok jaio ere egin gabe ginen Gatza espetxeratu zutenean; bera eta gainontzeko preso politikoek borrokatzen zuten bitartean hezi egin gara, ikasi egin dugu eta borrokaren lekukoa hartu dugu; eta 28 urte eta gero aldaketara ekarri dugu Euskal Herria.
Batzen gaituen sentimendu ezkertiarra, iraultzailea, militanteon arteko elkartasun mugagabea, ilusioa, ametsa, utopiaren borroka erreala... ezin da zatitu. Euskal gazteok Gatzagan garai politiko oso bat ikusten dugu, borroka luze eta gogor baten emaitza ikusten dugu, ezinezkoa errealitate bilakatzeko konpromiso militantearen ahalak ikusten ditugu; konpromisoa, borroka eta garaipena ikusten ditugu.
2008ko Euskal Herriak tente begiratzen dio etorkizunari, duin eta indartsu; aldaketara ekarri dugu herri hau batzen gaituena suntsiezina delako. Orain, mahai gainean dira Gatza eta gainontzeko preso politikoak etxera ekarri ditzakeen proposamena, baita iheslariak Euskal Herrira ekarri ditzakeena, herri honi behingoz etorkizuna askatasunez erabakitzea ahalbidetzen diona eta behin eta betiko justizia, bakea eta askatasuna ekarri ditzakeena gure herrira. Uztaritzen eta Iruñean aurkeztu zen eta autonomien eta erabakiaren proposamena deitzen dugu.
Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko borrokatu dute, borrokatzen dute, borrokatzen dugu... eta lortuko dugu; bidea argitu digutenek erakutsi digute; militantzia duintasuna denean, militantzia konpromisoa denean, ezinezkoa zena egin egiten dela, lortu egiten dela.

No hay comentarios: