martes, 3 de junio de 2008

Etxerat: «Noiz arte baimenduko du Europak espetxe politika hau?»


Estatu espainolak eta frantsesak euskal preso politikoen aurka diseinatutako espetxe politikaren salaketa Europako Parlamenturaino heldu zen atzo Etxeraten eskutik. Bertan jurista eta eurodiputatu anitzekin bildu, eta Europan oraindik ere, «tortura eta espetxe politika hiltzailea» ezartzen dela ohartaraziz, Europar Batasunaren bihotzean «beste Guantanamo» bat dagoela jakinarazi zieten. Hori ekiditeko, gainera, zer egiteko ote diren prest galdetu zieten.


«Noiz arte baimenduko duzue giza sufrimenduan oinarritutako espetxe politika hiltzaile bat? Noiz arte izan beharko dugu tortura eta tratu ankerren testigu eta biktima?». Galdera horiek egin zizkien Etxerat elkarteak Europako arduradun politikoei atzo, Bruselan. Izan ere, Estatu espainol zein frantsesak euskal preso politikoen aurka diseinatutako espetxe politikaren salaketa bertaraino eraman baitzuten politika horren testigu eta biktima ere badiren euskal preso eta iheslarien senideek.Belgikako hiriburuan emandako orduetan hitzaldi, elkarretaratze eta prentsaurrekoen bidez Etxerat-ek ohartarazi zuen XXI. mendea izan arren, Europan bertan, «tortura, tratu ankerrak eta espetxe politika hiltzailea» oraindik orain ezartzen dituztela. Are gehiago, Europak «bere Guantanamo propioa» duela adierazi zuen.Errealitate horren aurrean Europak ezin duela «itsu, mutu eta gor» geratu aldarrikatu zuten senideek, eta Estatu espainoleko zein frantseseko agintariei «hau guztia egiten» noiz arte utziko dieten galdetu zuten. Bi estatu hauek nazioarteko adierazpen eta akordio ugaritan aipatzen diren eskubideak «modu iraunkorrean urratzen» dituztela adierazi zuten. Era berean, NBEko kontulariak egindako gomendioei ere «inongo jaramonik» ez dietela egiten gaineratu zuten, ezta euskal gizarteak behin ete berriz egiten dituen salaketei ere.Euskal Herrian jazotzen ari den guztiaz Europak ezaguera izan dezan, Etxeratek makina bat datu eraman zituen Europako Parlamentura. Atxilotze unetik hasita, euskal herritarrak inkomunikazioa pairatzen dutela jakinarazi zieten, eta egoera horrek «mota guztietako tratu txar eta torturei» bide ematen diela azaldu zuten.Euskal presoentzat bereziki diseinatutako espetxe politika bat egon badagoela adierazi zuten, presoen sakabanaketan, beraien herritik urruntzean, ahalik eta luzaroen preso izatera behartzean eta bizi baldintza gogorrenak ezartzean oinarritzen den politika dela argituz. Horren lekuko azaldu zuten, besteak beste, 44 euskal preso politikok 20 eta 28 urte bitartean daramatela espetxean; 22 presoren heriotza gertatu dela espetxean, eta 16 seniderena errepidean, edota gaixo diren presoek bizi duten egoera.Bruselara egindako bidaia hori probestuz, Madrilen amnistiaren aldeko mugimenduaren aurka egiten ari diren epaiketa ere gogor salatu zuten, eta horrek «zigorgabetasuna» duela xede adierazi zuten.Herenegun arratsaldean abiatu zen Donostiatik Etxerat elkarteak antolatutako autobusa, eta bidaia luze baten ostean, goizaldean Belgikako hiriburura iritsi ziren, Europako Parlamentura, hain zuzen ere. Iritsi bezain pronto elkarretaratzea egin zuten bertan, eta egun osoan jardun ziren espetxe politikaren ondorioak lau haizeetara zabaltzen. Iluntzean, autobusera igo eta berriz Euskal Herrirako bidea hartu zuten senideek.
orkolaga
Euskal Herritik mila kilometrora, Bapaume espetxean egin zuen geldialdia Etxerat-en autobusak, bertan, bost urtez bakartua, beste euskal presorik gabe dagoen Aintzane Orkolaga preso donostiarrari elkartasuna helarazteko.
Jurista eta eurodiputatuekin hamaika bilera egin dituzte
Bruselan egindako egonaldian bilkura anitz izan dituzte Etxerateko kideek. Horien artean, Sinn Fein-eko europarlamentari Bairbre de Brunekin, Esko Seppänen finlandiarrarekin, europar Parlamentuko Askatasun Zibilen Batzordeko lehendakari Giusto Catania italiarrarekin, edota Jens Holn Friend Ship-eko kidearekin, eta Eva-Britt Svensson suediarrarekin egon dira bilduta. NVA eta Spìrit alderdi flandiar abertzaleekin eta hainbat juristekin ere elkartu dira, eta Bruselan dagoen Casa Flamenco-ko lagunekin ere egon dira euskal presoek espetxe frantses eta espainoletan bizi duten egoera larria ezagutzera emateko.

No hay comentarios: