miércoles, 1 de octubre de 2008

18 euskal herritar epaitu dituzte Bilbon torturaren aurka protesta egiteagatik

Atzo hasi zen hemezortzi euskal herritarren aurkako epaiketa 2000. urtean torturaren aurka Gernikako Juntetxean egindako protesta bategatik.
Atzo deklaratu zuten auzipetuek epailearen aurrean, eta beraz, erabakiaren zain gelditu dira.
Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegira deklaratzera sartu baino lehen, elkarretaratzea egin zuten auzipetuek, lagun eta senideek lagunduta. Guztira, berrogeita hamar bat lagun bildu ziren.
Ondoren, epaitegira sartu eta deklaratzen hasi ziren.
Amnistiaren aldeko mugimenduaren bozeramaile Julen Larrinagaren ustez, «epaiketa honek torturaren errealitatearen gordintasuna agertzen du». Larrinagak Euskal Herriko errealitatean torturak duen presentzia azpimarratu zuen, eta Nafarroako azken atxilotuek egindako salaketak edota Martxelo Otamendik bere tortura salaketa Estrasburgora eramango duela gogoratu zuen.
Hala, AAMko kideak salatu zuenez, «Euskal Herrian ez dago soilik atzeraldi ekonomikoa, atzeraldi demokratiko eta politikoa ere badago». Torturatzaileen aurkako neurririk ez hartzea salatu zuen.
Protesta 2000. urtean gertatu zen, Gernikako Juntetxean. Bertan, torturari buruzko mozio bat eztabaidatzen ari zela, hura salatzeko kartelak eta pankartak atera zituzten.
Ertzaintzak aretotik atera zituen eta, urtebetera, «desordena eta mehatxuak» leporatuta auzipetu zituzten.
Presoen alde, 125 lagun bildu ziren atzo Bilbon, eta 30 Gasteizko Olarizu auzoan.

No hay comentarios: