martes, 20 de mayo de 2008

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Agiria 2008ko maiatza

Espainiar `demokraziaren' aro politiko honetan, agian, 40 urteotako inoizko errepresio oldarraldi gogor eta agerikoena ezagutzen ari gara. Eskubide zibil eta politikoak murriztuz eta are suntsituz, salbuespen egoerari eta honen areagotzeari eusten dio boterean den Gobernuak. Izan ere, goranzko joera batean garatzen joan den errepresio estrategia orokorraren agerpen larrien lekuko izan gara azken urteotan. Bizkortze etengabea izan duen ildo errepresiboaren emaitza da orain bizitzen ari garena.95ean Alternatiba Demokratikoa deritzon proposamen politikoari errepresio erasoen bidez erantzun zioten, herri alternatiba berrituak Estatu ereduaren krisia agerian utzi eta sakontzen baitu. Garai hartatik, Estatuaren berrantolaketa saiakera eta errepresioaren areagotzea, parez pare joan dira gauzatzen.Estatuak Ezker Abertzalea suntsitzeko beharra ikusi du bere helburu politikoa lortzeko. Herritar batasuna kolpatzen hasi zen, Mahai Nazionala atxilotu eta espetxeratu zuen. Geroztik, azken hamarkada honetan hamaika operazio eta prozedura judizial-polizial faxista ezagutu ditugu, Ezker Abertzaleaz haratagoko eremuak ere jomugan ezarri dituztenak, Konstituzio Espainola kolokan jartzen duen esparru eta herritar oro helburu bilakatuz. Euskal gazteriaren kontrako eraso eta auzia heldu da, 18/98 deituriko anabasa errepresiboaren eskandalua gero; Egunkaria, Udalbiltza eta Batasuna ondoren.Eremu judizialetik bideraturiko erasoak izan dira nagusi. Eremu judiziala `borroka antiterroristaren' jokaleku nagusi bihurtu nahi izan baitute. Ilegalizazio politikarekin antolakundeei eta horien jarduera politikoei eraso eginez, instituzioetatik eta kaletik Ezker Abertzalea desagerrarazten saiatzen ari dira alferrik, debekuak, jipoiak eta isunak medio. Ezker Abertzaleari bere borroka hautuan atzera eginarazi eta garaipen judizial-polizialaren efektibotasuna erakutsi nahi izan dute, gatazkaren irtenbide demokratiko eta politiko baten kaltetan.Presoen Kolektiboa bera ere izan dute jomugan eraso orokorraren baitan, salbuespenezko neurriak aplikatuz: kode penal berriarekin zigorren handitze eta luzatzeak heldu dira, 40 urte arteko kondenak, erredentzioen ezabatzeak, eta baldintzapeko askatasunaren ukatzeak. Espetxezaintza epaitegi zentrala sortu dute irizpide politikoak gailentzeko. Biziarteko espetxe zigorra indarrean jarri dute, Auzitegi Gorenaren doktrina berriarekin presoen bahiketa legeztatuz, eta heriotza zigorra ezarri dute gaixo larriak espetxean mantenduz.Orain, AAM eraman dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren inkisizio zentrora, auzipetzeko eta epaitzeko asmoz. 2002ko martxoan salatu dugu, AAMaren egitura ezberdinen kontrako operazio polizialen testuinguruan, EHan ezin direla guztion giza eskubideak defendatu, ezin direla presoon eskubideak defendatu, ezin dela errepresioa salatu, ezin dela tortura salatu....Beste behin salatu nahi dugu, AAMren antolakunde eta kideen aurkako operazio polizial hark, oraingo auzi honek, eta martxan diren beste prozedura judizial-polizialek, Estatuen inpunitatea bilatzen dutela, eta bereziki presoon inguruan sortzen den elkartasun politiko eta soziala ezabatzea dutela helburu. EPPKren egoera eta borroka islatzen duten antolakundeen kontrako erasoek, EPPK beraren erresistentzia deuseztatu eta isiltzeko asmoa dute. Preso politikoon existentzia bera baita, nahi ala ez nahi, EHren eta Espainia-Frantziaren arteko gatazka politikoaren adierazle garrantzitsu eta iraunkorra. Sakabanaketaren, jipoien, erasoen eta tortura zuriaren gainetik, EPPKren borroka batua Estatuen porrotaren erakusle nabarmena bilakatzen baita.AAM, bere espresio ezberdinak eta kideak kriminalizatu eta auzitara eraman dituztenean, EPPK dute jomugan berriro ere. Gu geu auzipetu sentiarazi gaituzte, eraso zehatz hau presoon eskubideen kontrako eraso zuzentzat jotzen baitugu.Gure esker on eta agurrik beroena helarazi nahi diegu urte guztiotan Amnistiaren Aldeko Mugimenduan oro har, bere antolakunde eta elkarte ezberdinetan, musu truk jo eta ke lanean aritu diren lagun guztiei. Baita presoon eskubideen alde etenik gabe eta interes alderdikoietatik urrun, herriz herri aritu diren herritar guztiei, egindako lan eskergagatik eta jaso dugun bero eta laguntza guztiagatik. Mila esker!Garai zailak bizi ditugu Euskal Herriaren eta euskal presoon eskubideak defendatzeko, baina ez dugu inolako zalantzarik eraso polizial eta judizial guztion gainetik jarraituko dugula elkarrekin bidea egiten. Urtetako lana eta eskarmentua dugu txertorik onena. Eutsi goiari!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria Sozialista!

EPPK Euskal Herrian, 2008ko maiatza

No hay comentarios: